San Pedro festak abiatzeko, futbol partidua jokatuko dute ostegun arratsaldeko sei eta erdietan hasita Mendibeltz futbol zelaian.
Festa-programan Mundu Kopako finala jartzen du; baina, beroarena kenduta, esan dezagun herritarren arteko futbol partidua dela, bertakoak eta kanpotik etorriak denak batera: Kolonbia, Senegal, Portugal, Nikaragua, Maroko, Orio…
Partida aurtengo kultur aniztasunaren jaiaren barruko ekitaldia da. Partidaren ondoren, futbol jokalariek bat egingo dute plazan danborradako atabalariekin, mokadutxo bat jateko, Udalak gonbidatuta.
Argazkian iazko partida jokatu zutenak ageri dira.