Urriaren 30ean, ostiralarekin, Mursego musikari eibartarraren kontzertua izango da kultur etxean 22:30ean, Orioko Udalak antolatuta ‘Euskaraz bizi-bizi’ egitasmoaren barruan.
Mursego musikari gaztea da (1977an sortua) eta, kritikari askoren ustez, euskal musikan azken urteotan sortu den ahots berezi eta interesgarrienetako bat.
Maite Arroitajauregi, Mursego
Maite Arroitajauregi, Mursego, Eibarren jaio zen eta biolontxeloa ikasi zuen kontserbatorioan. Normalean bakarrik aritzen da kontzertuan, instrumentu ugari joz eta ahotsarekin etengabe esperimentatuz. Hiru disko grabatu ditu (Bat, Bi eta Hiru izenekoak); baina zaleek, batez ere, bere zuzeneko emanaldiengatik maite dute, bereziak, originalak, indartsuak eta ausartak direlako.
Gonbita hartu behar
Kontzerturako sarrera doan izango da; baina, aretoaren aforoa mugatua denez, Udalak 120 gonbita jarri ditu eskura kultur etxean eta ikuskizunera joan nahi dutenek horietako bat hartu beharko dute, bertan eskatuta. Ostiraletik aurrera izango dira gonbitak eskuragarri. Arin ibiltzea komeni.