Noka ikastaroa antolatu du Ahalduntze Eskolak aurten ere

Ahalduntze Eskolak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaroa antolatu dute elkarlanean, noka hitz egiten ikasi nahi dutenei edo dakitena hobetu nahi dutenei zuzendua. Noka emakumeei zuzendutako hizketa alokutiboaren, hikaren, aldaera da, emakumeek beren artean erabiltzen dutena edo gizonek emakume bati zuzentzerakoan erabiltzen dutena.

Bigarren aldia da ikastaroa antolatzen dela. Iaz ere egin zen eta arrakasta handia izan zuen, nahiz eta gero, pandemia zela eta, ez zen posible izan saio guztiak aurrez aurre egitea.

Ikastaroa ostiral arratsaldetan izango da. Guztira 5 saio izango dira, bina ordukoak, otsailaren 19an hasi eta martxoaren 26an bukatuta. 17:30etik 19:30era izango dira klaseak kultur etxean, osasun-egoerak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak hartuta.

Ikastaroaren helburua guztiz praktikoa da: nokaren oinarriak ikastea ariketa praktikoen bidez. Iaz ikastaroa egin zutenek ere parte hartu dezakete berriro, ikasitakoa sendotu eta praktikatzeko.

Klaseak AEK-ko irakasle Amaia Zalduak emango ditu.

Izen-ematea

Izen-ematea irekita dago dagoeneko eta Ahalduntze Eskolan egin behar da (623 178 553, ahalduntzeeskola@orio.eus). Izena emateko azken eguna otsailaren 12a izango da.

Ikastaroak 20 euroko kostua du.

Ahalduntze Eskolaren deia, ikastaroan parte hartzeko

Orioko emakumeon* Ahalduntze Eskolak honela azaldu du ikastaroa kaleratu berri duen programan:

Zer moduz moldatzen haiz hika? Eta noka?

Nokak badin garrantzia emakumeon ahalduntzean ere, noka hizkuntza-erregistro egokia baitun emakumeon arteko konplizitatea sustatzeko eta gizon-emakumeon arteko harreman horizontalagoak eraikitzen laguntzeko. Aurten ere aukera dun noka ikastaroan izena emateko, izan ikasteko, iazko ikastaroan emandakoa barneratzeko edota hizketan aritzeko. Hator Ahalduntze Eskolara eta eman izena!