‘Nola ikusten gaituzte arnasguneetan bizi ez diren euskaldunek?’ izango da azaroaren 19ko mahai-inguruaren gaia

‘Euskaraz bizi-bizi’ jardunaldiaren barruan mahai-ingurua izango da azaroaren 19an, asteazkenarekin, Salatxo aretoan, 19:00etan hasita.

Zergatik dira garrantzizkoak Orioren tankerako arnasguneek?

Aztertuko den gaia honako hau izango da: ‘Nola ikusten gaituzte arnasguneetakoak ez diren euskaldunek?’. Orion natural samar bizi daiteke euskaraz, horretarako gogoa izanez gero. Orion bizi den euskaldunarentzat nahiko erosoa da bizimodua euskaraz antolatzea: herritar gehienak euskaldunak dira, kultur zerbitzuak eta bestelakoak euskaraz jasotzen ditu, eskoletan eta herri-komunikabideetan euskara da nagusi…. Hori guztia naturala egiten zaigu bertan bizi garenoi, testuinguru horretantxe ohitu garelako; eta ez diogu, gehienetan, aparteko garrantzirik ematen. Gainerako euskaldunek, ordea, batez ere euskara nagusi ez den ingurutan bizi direnek, bestelako begiekin erreparatzen diote gure egoerari eta, sarritan, guk baino argiago ikusten dute zenbateraino den inportantea arnasguneetan tinko eustea euskarari.

Parte-hartzaileak

Gaiari buruz hitz egiteko, hiru lagun gonbidatu ditu Euskara batzordeak, hirurak euskaltzaleak eta Euskal Herriko toki erdaldunagoetan bizi direnak, haien bizipenak ezagutzeko eta jakiteko nola ikusten duten Orioko arnasgunea beren talaiatik. Hiru hizlariak hauek izango dira: Fredi Paia, Bizkaiko ezkerraldetik; Maite Inda, Iruñerritik; eta  Asier Lafuente, Arabatik.

Mahai-ingurua aurkeztu eta bideratzen Orioko Udaleko euskara batzordeko buru Jon Agirresarobe arituko da.