Orioko Ahalduntze Eskolaren udaberriko programaren barruan, Ehiera kooperatibako kide Kattalin Miner eta Iñigo Etxezarretak hitzaldia emango dute maiatzaren 26an, ostegunarekin. 18:00etan izango da kultur etxean, eta Nolako herria da Orio LGTBIQ+ pertsonentzat? galderari erantzungo diote bertan. Sarrera doakoa izango da.
Herri bakoitzak bere idiosinkrasia, funtzionamendu, historia sozial eta dinamikak ditu. Horiek guztiek herriko giro, bizipen eta bizigarritasunean eragina dute, eta baita LGTBIQ+ pertsonen bizigarritasunean ere.
Zergatik dute herri batzuk LGTBIQ+ komunitatearentzat abegikorragoak izatearen fama eta beste batzuek ez? Zein ezagutza-maila dugu? Zein lanketa egin dira? Zenbat
LGTBIQ+ herrikidek egiten dute ihes herritik? Geratzen direnen bizipenak zein dira? Eta garrantzitsuena: Nola egin dezakegu gure herria LGTBIQ+ pertsonentzako bizigarri?
Galdera horien bueltan arituko dira hilaren 26ko solasaldian, Orioko errealitatea gehiago ezagutu eta eraldatzeko gakoak garatzeko. Ahalduntze Eskolak herritar guztiei luzatu die gonbita. Zatozte zuen ekarpenak egitera!