OLATURA-UP! egitasmoa: Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko negozioen mapa osatu du, tokiko kontsumoa bultzatzeko

Ekainean abiatu zen OLATURA-UP! egitasmoa; eskualdeko ekintzaile eta enpresari txikien negozioak ezagutarazi, eta tokiko kontsumoa sustatzeko helburuarekin. Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresa Sustapeneko Zerbitzuen bitartez garatu da ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.

Bi helburu nagusi ditu programak:

  • Teknologia berrien “olatura igotzeko” baliabideak eskaini nahi zaizkie eskualdeko ekintzaile eta enpresariei; ikusgaitasuna areagotu eta beren jarduna ezagutarazi dezaten.
  • Eskualdeko negozioen mapa digitala osatuko da; eskualdeko herritarrek gertuko eta bertako kontsumoaren alde egin dezaten.

70 negozio baino gehiagoko sarea

Hilabeteko ibilbidearen ondoren, 70 parte-hartzaile baino gehiagorekin osatu da eskualde mailako negozioen erakusleiho digitala. Google My Business erreminta oinarri hartuta, negozio bakoitzaren fitxa osatzeko beharrezko prestakuntza eta aholkularitza jaso dute parte-hartzaileek. Orain, prozesua borobildu egin da eskualdeko negozioen mapa osatuta. Dagoeneko, eskuragarri dago mapa, Urola Kostako Udal Elkartearen Garapen Agentziako atarian.

Proiektuak izandako harrera ona ikusita eta tokiko kontsumoa bultzatzeko helburuarekin, jarraipena emango zaio ekimenari. Beraz, garaiz dabiltza beren aktibitatearen ikusgarritasuna hobetu nahi duten ekintzaile eta enpresari txikiak. Asmoa da eskualdeko sarea handitu ahala, etengabe mapa osatzen joatea.

Ekimenean parte hartzeko interesa dutenek bi urrats eman beharko dituzte. Lehendabizi, euren negozioaren Google My Business fitxa sortu. Horretarako, berariaz prestatu da bideotutorial labur bezain ulerterraza. Ondoren, behin fitxa osatutakoan, eskualdeko mapan agertzeko izen-emate orri bat bete behar da.

Bideotutorialaz gain, fitxa sortu eta hobetzeko bakarkako aholkularitza ere eskainiko da uztailaren 15era arte. Zalantzak argitzeko ekitenurolakosta@gmail.com helbidera idatzi behar da.

Argibideak eta izen-ematea

Enpresa Sustapena Zerbitzua (Maider Ibarbia, Johanna Pino)