Oraindik ere bada ITSAS ZAPOREAK ekimeneko esperientzia gastronomikoez gozatzeko aukera

Zabalik dago datozen bi igandeetan antolatu diren 3 esperientzia gastronomikoetarako izen-ematea.

Esperientzia gastronomiko guztiak erdi-prezioan eskainiko dira; eta 12 urtez azpikoek doan izango dute bisitez gozatzeko aukera. Gehienez, 15 pertsonentzako lekua dago ekimen bakoitzeko eta aldez aurretik izena eman da eskualdeko turismo-bulegoetan. Aurten, gainera, ITSAS ZAPOREAK ekimenaren harira, esperientzia guztiak eskualdeko itsas ondarearen gaineko kontakizunekin aberastuko dira.

Hauek dira datozen bi asteburuetarako esperientzia gastronomikoak:

Azaroak 17, igandea: Aia: natura eta kalitaterik oneneko gaztak

Aiak baldintza eta ezaugarri paregabeak ditu kalitatezko behi-, ahuntz- nahiz ardi-gaztak egiteko. Artzain eta gaztagileen eskutik ekoizpen-prozesua ezagutzeko aukera ematen du esperientzia honek. Gaztarekin batera, bertako sagardoa ere dastatuko da. Eguerdiko 12:30etatik aurrera. Familientzako esperientzia egokia da eta bertaratzeko beharrezkoa da ibilgailua (6€).

Azaroak 24, igandea: Orio: Bisigua Orio Estilora!

Bisigua Orioko estilora prestatzeko sekretu gutiak ezagutuko dira bisitan; eskualdeko erretegietako sukaldari maisuen eskutik. Errezeta aski ezagunaren historia eta jakingarri guztiak erakutsiko dira; usain eta zapore ahaztezinenekin, bisigua probatzeko aukera izango da txakolinarekin lagunduta. Eguerdiko 12:30ean hasita, ordubete inguruko esperientzia izango da; erdi-prezioan (17€).

Azaroak 24, igandea: Getaria: Itsas esperientzia

Itsas kontserbak nola egiten ikusi eta ikasteko aukera ezin hobea da. Bisitarekin batera, antxoa, hegaluzea eta txakolina dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Goizeko 11:00etan hasiko da bisita gidatua. (11€)

Erreserbak egin edota informazio gehiago eskuratzeko zabalik daude Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako turismo bulegoak (irudian dituzue telefonoak).