Oriok bat egin du medikamentuen erabilera hobetzeko Osasun Sailaren programarekin

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Orioko Udalak eta Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean udaletxean. Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariak, Anuska Esnal Orioko alkateak eta Arantxa Garcia Peinado Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko presidenteordeak hartu dute parte ekitaldian.

Akordio honen bidez, Oriok bat egin du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileen artean medikamentuen erabilera hobetzeko programarekin.

Programaren helburu nagusiak bi dira: adinekoentzat medikamentuak eskuragarriago jartzea eta gaixo kronikoak tratamendua egoki betetzen duela bermatzea. Horregatik, garrantzi handiko programa da adinekoentzat eta haien senideentzat, tratamendu farmakologikoen segurtasuna eta eraginkortasuna ziurtatzen dituelako. Izan ere, hainbat ikerketaren arabera, gaixotasun kronikoak dituzten nagusien arten % 50-60 artean dira tratamendua behar bezala betetzen ez dutenak; programa hau egoera horri erantzuna ematera dator.

Betolazak ekimenaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta programarekin bat egin ez duten herriei luzatu die gonbita.

Funtzionamendua

Udaleko Gizarte Zerbitzuen zuzendaritzak hautatzen ditu programan parte hartuko duten erabiltzaileak, haien egoeraren eta beharren arabera. Erabiltzaile horiek baimena eman behar dute programan sartzeko, eta hala egiten badute, elkarrizketa bat egiten diete, dituzten osasun-arazoei buruzko informazioa jasotzeko.

Une horretatik aurrera, hamabostean behin, botikariak beharrezko duten medikazioa prestatu eta emango die, dosi pertsonalizatuetan. Horixe da, hain zuzen, programa honen abantaila nagusia: gaixoak eguneko une bakoitzean hartu beharreko pastillak jasotzen dituela zuzenean, dosiak behar bezala hartzeko informazioarekin. 

147 udalerri

Gipuzkoan 38 dira programarekin bat egin duten herriak; eta EAEn, 147. Gaur egun, etxez etxeko laguntza-zerbitzuetako 1.100 erabiltzaile baino gehiago dira medikazioaren erabilera hobetzeko programa honen onuradun EAEn.