Orioko Udalak herriko baserriei buruzko liburutxo bat argitaratu du Kutxa Fundazioaren laguntzarekin eta gaur, ekainak 30, eguerdi partean aurkeztu du udaletxean.
Zehazten zerbitzu kulturalak enpresako Xabier Alberdik eta Oihana Artetxek idatzi dute liburua, Udalaren enkarguz, eta biek parte hartu dute aurkezpenean.
Anjel Lertxundi idazle oriotarrak egin du liburuaren hitzaurrea. Xabier Alberdik aurkezpenean esan duen bezala, sentimendu handiz egindako hitzaurrea da Andurena.
Udalak beka baten deialdia egin zuen, Orioko baserrien historia eta gaur egungo egoera aztertzeko eta Zehazten enpresari eman zion beka hori. Horren ondorioz, azterketa-lana egin zuen Zehaztenek eta Udalari entregatu zion joan den udazkenean.
Kutxa Fundazioaren laguntzaz
Orain, azterketa-lan mardul hartako kontu batzuk publiko zabal bati ezagutzera emateko, gidaliburu hau argitaratu du Udalak, Kutxa Fundazioak eman dion diru-laguntza baliatuta.
Liburuak 84 orrialde ditu eta formatu txikian argitaratu da, eskutan erraz erabiltzeko moduko tamainan. Koloretako argazkiz hornituta dago eta erabilgarri izateko asmoz prestatu dute egileek.
Bost ibilbide proposatzen ditu herrian barrena eta, ibilbide horietako bakoitzean, geldialdiak egiten ditu pasaerako baserrietan, beren ezaugarriak-eta azalduz.
Doan banatuko da
Liburua doan eskuratu dezake interesa daukan edozeinek. Kultur etxean eta Turismo Bulegoan egongo da eskura eta, ale bat nahi duenak, bertara joan eta eskatu besterik ez dauka.