‘Esnatu’ dinamika aurkeztu du gaur UEMAk Orion, euskararen egoera iraultzeko konpromisoa hartu duten lehen 18 eragileekin

Argazkia: Orio GUKA

Arraunetxean aurkeztu du gaur UEMAk Esnatu dinamika, Euskal Herriko 18 eragilerekin batera. Agerraldian izan dira Martin Aramendi UEMAko lehendakaria, Ainhoa Urien Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Ana Urkiza Bankoa Abancako euskara koordinatzailea eta Anuska Esnal Orioko alkatea, ekimenarekin bat egin duten gainerako eragileen ordezkariekin.

Agerraldiaren irekieran, Esnalek eskerrak eman dizkie bertaratuei, eta guztiek kezka bera partekatzen dutela azpimarratu du: euskarak arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan bizi duen egoera. Arraunetxearen irudia baliatu du agerraldiaren zentzua azaltzeko: kanpotik ikusgarritasuna erakusten duen eraikina da, baina barrura sartuta, ibaiarekin eta herriarekin konektatzen duena.

Irudi horretatik abiatuta, gaurko deialdiaren muina nabarmendu du, “Kanpoko zalapartak alde batera utzi eta euskararen egoeraren muinean sartzeko nahia”. Era berean, gogora ekarri ditu Orioko ontziolak, herri oso bat helburu komun baten bueltan lanean jartzen zutelako, eta ohartarazi du ez luketela nahi arnasguneak ere iraganeko aztarna hutsean geratzea.

Egoera iraultzeko konpromisoak

UEMAko lehendakari Martin Aramendik azaldu duenez, dinamikaren abiapuntua argia da: “UEMAk kezka handia du datu soziolinguistikoek arnasguneetan erakusten duten gainbeherarekin”, eta arduraz bizi du azken ikerketek hurrengo urteotarako aurreikusten duten galera. Gogorarazi du arnasguneak giltzarri direla euskararentzat, eta horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa dela euskararen biziberritzea sustatzen jarraitu dezaten.

Testuinguru horretan sortu da Esnatu dinamika. Aramendik azaldu duenez, iaz aurkeztutako Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria, 2036. Proiekzio demolinguistikoa ikerketaren ondorioek oihartzun handia izan zuten, eta horrek lehen mugimendu bat eragin zuen: “Bertsozale Elkartea izan da, nolabait, ekimen honen aitzindaria”. Izan ere, ikerketaren emaitzek kezkatuta, Bertsozale Elkarteak UEMAri bilera eskatu zion, eta udalerri euskaldunetan bere esku zegoen guztia egiteko prest agertu zen, konpromiso zehatzak hartuta.

Konpromiso horiek askotarikoak izango dira, eragileen izaeraren eta jardun-esparruaren araberakoak. UEMAk azaldu duenez, batzuk barne mailako neurriak izango dira, erakunde edo elkarte bakoitzaren funtzionamenduan eragiteko; eta beste batzuk kanpora begirakoak, arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan euskararen erabilera, presentzia eta transmisioa indartzeko.

Herriz herriko dinamika

Aurkezpenarekin batera, UEMAk iragarri du Esnatu dinamika herrietara ere zabalduko duela bihartik aurrera. Hitzaldiak, foroak eta eragileekin zuzeneko bilerak antolatuko ditu, herrien edo eskualdeen tipologiaren arabera eta udalekin lankidetzan. Asmoa da tokian tokiko datu eta bilakaera soziolinguistikoetan oinarrituta eragileak ahalduntzea, kontzientzia piztea eta konpromiso berriak sustatzea.

Gainera, ekimenaren nondik norakoak biltzen dituen gunea ere sarean da gaurtik aurrera, eta han jaso dira zer den Esnatu, zein eragilek egin duten bat, nolako konpromisoak hartu dituzten eta dinamikarekin bat egiteko bideak. UEMAk azaroan emango dio amaiera ekimenari, eta azaroaren 26an ezagutaraziko du bat egin duten eragile guztien zerrenda osoa, hartutako konpromisoekin batera.

Argazkia: Orio GUKA