Martxorako prestatutako programa oparoa agurtu eta hilabete berriari ongietorria egiteko, Orioko Ahalduntze Eskolak saio berezia prestatu du ostiralerako, apirilak 1: herriko bost emakume ekintzailerekin mahai-ingurua. Salatxo aretoan izango da, 18:00etan hasita, eta ostean, M8aren inguruan antolatutako argazki-lehiaketaren sari-banaketa egingo dute.
Gero eta gehiago dira ekiten eta beren proiektuak martxan jartzen dituzten emakumeak, eta Orion adibide ugari ditugu. Horregatik, gaiari heltzeko eta ekintzaileei ikusgarritasuna eta ahotsa emateko asmoz, haietako bost elkartu nahi izan ditu Ahalduntze Eskolak. Esperientziak partekatzeko, emakume izatetik ekintzailetasuna nola bizi duten ezagutzeko eta eguneroko zailtasunei eta lorpenei buruz hausnartzeko aukera izango da.
Hauek izango dira bost gonbidatuak:
– Iratz Urkizu Gastañazpi musikaria
– Jesica Morales Farace, Yoga Neeru espazioaren sortzailea eta bertako irakaslea
– Goiuri Unanue Arruabarrena, Soia Bridal moda-etxeko diseinatzailea
– Gemma Serra Deu Makatza Bordako artzaina
– Miriam Garcia Etxeberria Larrubixik markaren diseinatzaile grafikoa eta sortzailea
Saioa 18:00etan abiatuko dute, eta solasaldiaren ondoren, sareen bidez M8aren inguruan antolatutako argazki-lehiaketaren sari-banaketa egingo dute. Gonbidatuta zaudete!