BOEn gaur bertan argitaratu den aginduan Gobernuak zehaztu du 10.000 biztanletik beherako herriek 100 biztanle/km2-tik beherako dentsitatea eduki behar dutela, herritarren kalera ateratzeko ordu-tarteak bertan behera utzi ahal izateko (Oriok 624 biztanle/km2-ko dentsitatea du, eta ez du, beraz, baldintza hori betetzen).
Espainiako Gobernuaren bozeramaileek joan den asteburuan esan zuten 10.000 biztanletik beherako herrietan bertan behera geratuko zirela kalera ateratzeko ordu-tarteak (Oriok 6.000 biztanle inguru du), baina ez zuten bigarren baldintza horren berri eman. Ondorioz, aste honetan, oriotarrak ordu-tarterik gorde gabe ibili dira kalean, nahiz eta agindu ofiziala ez den argitaratu gaur arte.
Gaurko aginduaren ondorioz, ordea, kalera ateratzeko ordu-tarteak indarrean daude oraindik Orion, aurrez zeuden bezalaxe, eta, beraz, errespetatu beharrekoak dira, bestelako agindurik jaso arte:
- 06:00 – 10:00 Helduak, paseatzera edo kirol egitera.
- 10:00 – 12:00 70 urtetik gorakoak eta mendekotasunen bat dutenak.
- 12:00 – 19:00 14 urtetik beherakoak.
- 19:00 – 20:00 70 urtetik gorakoak eta mendekotasunen bat dutenak.
- 20:00 – 23:00 Helduak
Zaindu arauak hondartzan!
Egunotan jende ugari ibili da hondartza inguruan. Udalak herritarrei gogorarazi nahi die bi metroko segurtasun-distantzia errespetatu behar dela eta, hori ezinezkoa den kasuetan, nahitaezkoa dela maskara erabiltzea.
Bestalde, kontuan izan behar da hondartzako denboraldia ez dagoela oraindik zabalik eta, beraz, bertan ez dagoela sorospen-zerbitzurik. Gauden deskonfinamenduaren fase honetan galarazita dago bainuak hartzea eta herritarrei kontuz ibiltzea eta arduraz jokatzea eskatzen die Udalak.