Castellers de Vilafranca taldeak emanaldia eskainiko du ekainaren 19an Herriko Plazan, 11:30etik aurrera. Ekitaldian gogora ekarriko dute castellerrek 2018ko uztailaren 14an Orion egin zuten bederatzi pisuko giza dorrea, Euskal Herrian egindako lehena izan baitzen. Udaletxeko horman balentria hura gogoratzeko plaka jarriko dute.
Bisigu Egunaren baitan egin zen ekitaldia orain dela lau urte. Penedes eskualdeko Castellers de Vilafranca taldeak plaça de nou bihurtu zuen Oriokoa. Hala esaten zaio, Katalunian, bederatzi pisuko giza dorrea noizbait egin den plazari. Euskal Herrian lehena da Oriokoa eta, Herrialde Katalanetatik kanpora, sei plaça de nou bakarrik daude munduan: Hangzhou eta Xangai txinatarrak, Thane indiarra, Milan italiarra, Andorra la Vella andorratarra eta Oriokoa.
Castellerren munduan ohitura da giza dorrea egindako lekuan balentria oroituko duen plaka jartzea eta Orion ere hala egingo da, ekainaren 19ko ekitaldian. Uri Bove taldekide eta zuzendaritza-kideak adierazi du bederatziko plaza izan behar zuela Oriok: «Vilafrancako kultur elkarteetako gazteok oroitzapen oso onak ditugu Orion, eta Euskal Herriko lehen bederatzikoak hainbeste parranda egin ditugun plazan behar zuen».
Taldeko presidente Carlos Mataren hitzetan, «Orion lortutakoa oso garrantzitsua izan zen guretzat, egitura hori etxean egitea oso zaila delako, eta are zailagoa etxetik horrenbeste kilometrora». Ondo prestatutako saioa izan zela nabarmendu du, helburu horrekin etorri baitziren Oriora. Egituraren zailtasunaz galdetuta, oinarria oso sendoa eta konpaktua izan behar dela nabarmendu du, bigarren jende multzoa gainera igo ahal izateko; bestela, gainerako solairuak oinarriarengan eragiten duten presioaren ondorioz, hura zabaldu eta dorrea erortzeko arriskua dago. Hortik gorako enborrak ere, jakina, tinko eutsi behar dio.
Duela lau urte cap de colla edo entrenatzaile-lanetan aritu zuen Tony Bachek ondo azaldu digu zer sentitu zuten gurean: «Herriak bihurtzen du plaza bederatzikoa. Jendea animatzeko eta laguntzeko zegoen, oriotar asko animatu zen giza dorrean sartzera eta ez genuen zalantzarik egin». Orduko irudien arabera, ehun oriotar inguru jarri ziren taldekideen esanetara. Bach gironarra arraunlaria izana da, Rem Santa Cristina taldean. 1996 aldera ezagutu zituen Donostiako Estropadak eta Orioko Arraunketa Elkartea: «Alkandora berdearekin aritzen gara baina bihotza horia daukagu, orain inoiz baino gehiago».
Ekainaren 19an, Orion
Datorren asteburu osoa egingo dute Vilafrancako castellerrek Euskal Herrian. Ostiralean, ekainak 17, Ereñotzun izango dira; larunbatean, Donostian eta Hondarribian; eta igandean, hilak 19, Orion egingo dute azken emanaldia, bueltako bidea hartu aurretik. 200 casteller inguru izango dira asteburu osoan, baita Orion ere. Saioa 11:30ean abiatuko da.
Aurtengoari begira, oraindik ez dute argi zein egitura osatuko duten: «Altuera bereko dorrea errepikatzeko aukera aztertzen ari gara, baina pisu bakoitza hirukoa izan beharrean (tres de nou egitura), laukoa izan dadila (quatre de nou). Hala ere, ez dakigu ziur hori egiteko modua izango dugun, ia bi urteko geldialdiaren ondoren, dena zailagoa baita. Baina horretan ari gara, ahal beste entseatzen!», gehitu du Matak.