Orioko ikastetxe guztiek Eskolako Agenda 21 heziketa-programan parte hartzen dute, 2005. urteaz geroztik. Ikasturte bakoitzean herriaren egoera aztertzen dute, gai zehatz baten diagnostikoa eginez. 2012-2013 ikasturtean, herriko zarataren egoera landu dute, ikasgelan azalpenak jaso eta herriko kaleetan neurketak eginez. Landutako material didaktikoak eta kudeaketa lanak Arazi enpresaren ardura izan dira.
Egungo egoera aztertu ondoren, herrian aurkitu dituzten arazoak konpontzeko proposamenak planteatu dizkiete udal ordezkariei, maiatzaren 10ean egindako udalbatzarrean. Horrela, alkatea eta ikastetxe bakoitzeko ikasle ordezkariak udaletxean elkartu dira, erabakiak hartzeko prozesua bertatik bertara ezagutzeko.
Ikasleek egindako proposamen bakoitzari erantzuna eman zaio, eta Udalak etorkizunera begira dituen proiektuak azaldu ditu. Modu berean, ikasleek herriko egoera hobetzearen alde hartzen dituzten konpromisoak aurkeztu dituzte. Besteak beste, honako proposamen hauek aurkeztu dira: herriko kaleetan zarata neurtzeko makinak jartzea, auto eta motorren abiadura moteltzeko neurriak hartzea eta Orioko bidegorri sarea osatzea.
Proiektua garatu ahal izateko, hezkuntza-komunitatearen eta Udalaren arteko harremana ezinbestekoa da. Horregatik, komunikazio hori indartuko duten bilerak egin dira ikasturtean zehar. Etorkizunean garapen iraunkorraren aldeko apustua indartu eta Udalaren eta hezkuntza-komunitatearen arteko harremana sendotzeko neurriak hartuko dira.