Asteartean, urriak 21, 100 urte beteko dira Oteiza jaio zela, Orioko Hendaia etxea 3an.
Argazkia: Karkara.
“Orioko Udalak Jorge Oteiza omendu nahi du bere jaiotzaren mendeurrenean”, horrela jakinarazi du Jon Redondo Orioko alkateak gaur goizean Hendaia etxea 3an, artistaren jaiotetxean, emandako prentsaurrekoan. Alkatearekin batera, agerraldian parte hartu dute, batetik, Noemi Ostolaza, Orioko Udaleko Kultura batzordeko buruak eta, bestetik, Oteiza ezagutu zuten hainbat oriotarrek: Joakin Arostegi apaizak, Alberto Agirrek, Trini Manterolak eta Juana Mari Atorrasagastik.
Mendeurrena ospatzearekin “bere garaian eman ez zitzaion errekonozimendua” eman nahi diotela Oteizari adierazi du alkateak. Bestalde, komunikabideak bertan izan direla aprobetxatuz, honakoa erantsi du: “oriotar guztioi deialdia egin nahi diet antolatu ditugun ekitaldietan parte hartzeko”.
Noemik, bere aldetik, egitaraua aurkeztu du. Aurrez, adierazi du egitarauaren xedea “Oteizaren lana oriotarrei gerturatzea” dela.
Jarraian, Oteiza gertutik ezagutu zuten oriotarrei eman diete hitza, eta haietako bakoitzak artistarekin izan zuten harremanaren berri eman dute, anekdota eta kontu jakingarri asko aipatuz.
Amaitzeko, Ibai Esoainek bertso eder honekin borobildu du ekitaldia:
Gaur egun zertan ote den Euskal
arimaren egitura
artista eta pentsalaria
ta harekiko lilura
hedatuz eta hedatuz joan zen
Oriotikan mundura
ekitaldi hau hartu dezala
omenalditxo modura
berriro ere ekarri nahian
bera sortu zen lekura.