Pasaden larunbatean Orioko Udalak antolatu zuen Orion Jai! festara jende anitz hurbildu zen eta arrakasta handia izan zuen. Eguraldia lagun izan genuen goiz partean eta arratsaldeko parte handi batean eta horrek jendea Orioko kaleetan gelditzen lagundu zuen.
Eguerdiko hamabietan eman zitzaion hasiera festari Herriko Plazan antolatu zen sagardo dastaketa eta txahal pintxoekin batera. Adin guztietako jendea hurbildu zen bertara eta giro aparta izan zen.
Haurrek, bestalde, beren txokoa izan zuten ibai ondoko plazan ezarri zitzaizkien puzgarri eta taillerrei esker. Nahikoa izerdi botatzeko aukera izan zuten puzgarrietan gora eta behera saltoka arituz.
Arratsaldez, Orioko Arraun Elkarteak antolaturik XIV. Nazioarteko arraunketa olinpikoko estropada izan zen. Zoritxarrez, Orioko taldeak segundu gutxi batzuegatik ez zuen irabazi estropada, lehenik mutilen taldeetan Caminhense Portugesak gelditu baitziren, ondoren Orio, Hondarribia eta RCN Vigo laugarren postuan.
Nesken taldeetan txapelduna Labradores izan zen, Hondarribia eta Mediterraneok jarraituz eta laugarren Molesey BC taldea izan zen.
Julio Aranburuk errekorra lortu zuen
Otsailak 23an Udalak antolatu zuen lehen Orion Jai! festan Julio Aranburuk 3000 saltoko errekorra lortzerik izan ez bazuen ere oraingoan lortu zuen. Izan ere, 3000 saltoak 14 minutu 25 segundu eta 80 zentezimetan egin zituen.
Jon Redondo, Orioko alkatearen hitzetan, ?izugarri poztu gera udalak antolatu duen bigarren Orion Jai! festa honek izan duen emaitza onagatik. Bertako jende asko ibili da kaleetan eta kanpotik ere jende ugari hurbildu da herrira. Etxeko arraunlariek lehen saririk lortzerik izan ez badute ere Julioren emaitza ezin hobea izan da eta poztekoa da. Egun honen balorazio ona ikusirik aurrerantzean ere honelako ekitaldiak antolatzen segituko dugu.?