Orioko Udaleko Hondakinen Mahaiak postua jarri du plazan azken ostegunetan, bio-hondakinak jasotzeko ontziak banatzeko.
Ostegun honetan, urriak 4, izango da azken aukera plazan ontzi horietako bat jasotzeko eta, guztiek aukera izan dezaten, arratsaldean ere banatuko dira, 18:00etatik 20:00etara.
Ontzia goizez jaso nahi dutenek ere aukera izango dute, 9:00etatik 13:00etara.
Bai goizez eta bai arratsaldez, mahaia udaletxearen sarreran jarriko da eta bertara joan behar da ontzia eskatzera.
Bio-hondakinak birziklatzea, helburu
Udalak lortu nahi du herriko etxe guztietan bio-hondakinak birziklatzea eta, horretarako, ontziak banatzen ari da interesatu guztien artean.
Bio-hondakinak birziklatzeko konpromisoa hartzen duenak kolore marroiko ontzi bat jasoko du, irudikoaren antzekoa, poltsa-sorta batekin eta informazio-orri batekin batera. Horrez gain, giltza bat ere jasoko du, kaleko edukiontzi marroi handiak erabiltzeko.
Orioko Udalean sortu den hondakinen mahaiak hala erabakita egingo da kanpaina, bi helburu nagusi hauekin:
- Birziklatze tasa handitzea.
- Baliabideak ematea herritarrei, birziklatzea errazteko.
Lehendik jasota ez dutenek doan jaso ahal izango dute bio-hondakinetarako ontzia.
Urrian gaikako bilketa ongi egiten ikasteko hitzaldi informatiboak egingo dira, oriotarren arten banatutako inkestaren emaitzak ikusi ondoren. Hitzaldi horiei buruzko informazioa aurrerago zabalduko du Udalak, dena zehaztutakoan.