Osteguna izango da azken eguna plazan bio-hondakinetarako ontziak jasotzeko, goizean eta arratsaldean

Orioko Udaleko Hondakinen Mahaiak postua jarri du plazan azken ostegunetan, bio-hondakinak jasotzeko ontziak banatzeko.

Ostegun honetan, urriak 4, izango da azken aukera plazan ontzi horietako bat jasotzeko eta, guztiek aukera izan dezaten, arratsaldean ere banatuko dira, 18:00etatik 20:00etara.

Ontzia goizez jaso nahi dutenek ere aukera izango dute, 9:00etatik 13:00etara.

Bai goizez eta bai arratsaldez, mahaia udaletxearen sarreran jarriko da eta bertara joan behar da ontzia eskatzera.

Bio-hondakinak birziklatzea, helburu

Udalak lortu nahi du herriko etxe guztietan bio-hondakinak birziklatzea eta, horretarako, ontziak banatzen ari da interesatu guztien artean.

Bio-hondakinak birziklatzeko konpromisoa hartzen duenak kolore marroiko ontzi bat jasoko du, irudikoaren antzekoa, poltsa-sorta batekin eta informazio-orri batekin batera. Horrez gain, giltza bat ere jasoko du, kaleko edukiontzi marroi handiak erabiltzeko.

Orioko Udalean sortu den hondakinen mahaiak hala erabakita egingo da kanpaina, bi helburu nagusi hauekin:

  • Birziklatze tasa handitzea.
  • Baliabideak ematea herritarrei, birziklatzea errazteko.

Lehendik jasota ez dutenek doan jaso ahal izango dute bio-hondakinetarako ontzia.

Urrian gaikako bilketa ongi egiten ikasteko hitzaldi informatiboak egingo dira, oriotarren arten banatutako inkestaren emaitzak ikusi ondoren. Hitzaldi horiei buruzko informazioa aurrerago zabalduko du Udalak, dena zehaztutakoan.