Ostegunean da izena emateko azken eguna Agurainera joateko autobuserako

Orioko Curriculuma elkarteak proposatuta, martxoaren 28an, larunbatarekin, oriotarrez betetako autobus bat joango da Agurainera, hango euskaltzaleekin Korrikan parte hartzera. Udalak bere gain hartu du autobusaren kostua eta kamiseta hori bana emango dio ekimenean parte hartzen duen korrikazale bakoitzari. Guztia, 3 euroren truke.

Autobusa 07:15ean aterako da Orioko autobus geltokitik.

Autobuserako izena emateko, kiroldegira edo kultur etxera jo behar da eta komeni da hori lehenbailehen egitea. Izena emateko azken eguna osteguna izango da, martxoak 26. Autobus bakarra izango da eta, beraz, plaza-kopurua mugatuta dago.

Zergatik ZABALDU ARNASA KORRIKA ekimena?

Arnasguneak dira euskararen birika. Hori da UEMAk azken aldian zabaldu nahi duen mezua eta Orioko Udalak ere mezu horixe hedatu nahi du oriotarron artean. Alegia, arnasguneetan bizi garen euskaldunok badugula erantzukizuna, baita ere, gure herritik kanpo, euskararen erabilera bultzatzen.

Mezu hori zabaltzen laguntzeko helburua du ‘ZABALDU ARNASA KORRIKA. Oriotik Agurainera’ ekimenak.

Ekimena ‘Euskaraz bizi-bizi’ egitasmoaren barruan antolatu dute ‘Orioko Curriculuma’ elkarteak, Korrika batzordeak eta Udalak, elkar lanean.

Mezu baikorra

Ekimenaren berri zabaltzeko, mezu baikorra eman dute antolatzaileek:

Euskaraz bizitzea erraza eta normala da Orion. Gozamena da herrian nonahi eta noiznahi euskaraz barra-barra aritu ahal izatea; baina Orioko euskahaldunon ustez, gozamena ez ezik, ardura ere bada euskararen arnasgune izatea: birika gisa egin behar dugu lan, eta Euskal Herri osoari ekarpenen bat egiten saiatu. Gure helburua ez da bakarrik Orion euskara indartzea eta herrian euskararen geroa ziurtatzea. Iruditzen zaigu harago doala gure zeregina.

Herrian euskahaldun kontzienteak sortu nahi ditugu. Euskal hiztun izatearen kontzientzia ez ezik, arnasgune bateko hiztun izatearen kontzientzia ere baduten oriotarrak. Labur esanda, konbentzituta gaude euskararen arnasgune garen aldetik, ahalegindu behar dugula Euskal Herri osoko euskahaldunei ere arnas pixka bat ematen. Eta ideia hori zabaldu nahi dugu Korrika honetan.

Horretarako, martxoaren 22an Orion egingo dugu Korrika aurrena, eta gero, martxoaren 28an, Agurainera joango gara, oriotarron kamiseta horiak jantzita, Korrika egitera eta Lautadako euskaltzaleen arnasari gurea gehitzera, festa giroan.

Argi eta garbi daukagu zabaldu nahi dugun mezua: Euskal Herri osoko euskahaldunak, zuekin gaude arnasguneetakoak! Batu ditzagun ahalmen pertsonal eta kolektiboak, hango eta hemengo ahaleginak, noizbait Euskal Herri osoa izan dadin arnasgune euskararentzat!