Datorren ostiralean, abenduak 28, gospel kontzertua izango da San Nikolas elizan, 19:30ean hasita, Udalak antolatutako Gabonetako programazioaren barruan.
The Upper Room taldea
The Upper Room 2005. urtean sortu zuten Iñaki Miguel piano-jotzaileak eta Mikel San Jose kantariak. Geroztik kontzertu ugari eman dituzte Euskal Herrian; bikote gisa, hasieran, eta talde handiagoan, gero. Gaur egun, zazpikote batek osatzen du The Upper Room taldea: aipatutako bi sortzaileak; Andoni Etxebeste, bateria-jotzailea; Maria Soriazu, baxu-jotzailea; eta Karlos Etxaniz, Santi Romano eta Olatz Otxoa abeslariak.
Lehenago ere izan dira Orion kantatzen —azkenekoz, 2016ko Gabonetan— eta harrera ona izan dute.
Haur-parkea goiz eta arratsaldez
Urtero bezala, aurten ere haurrentzako parkea antolatu du Udalak Karela kiroldegian. Aurtengoa ostiral honetan izango da, goiz eta arratsaldez.
Goizean 11:00etan zabalduko ditu ateak eta 13:30ean itxi. Arratsaldez, berriz, hau izango da ordutegia: 16:30etik 19:30era.
Sarrera doan izango da.