Ostiralean, urriak 24, Teodoro Mitxelena Zumeta oriotarraren oroimeneko ekitaldia egingo da udaletxean

Teodoro Mitxelena oriotarra tiroz hil zuten 1936ko urriaren 24ko gauean, Getariko kanposantuan; aurretik, Orioko Goiko Kaleko bere etxetik atera eta kamioneta batean Getariara eramanda. Haren hilketaren 78. urteurrena betetzen den egunean, Orioko Udalak omenaldia egin nahi dio gizon hari eta ekitaldi xume bat antolatu du, gizon hura gogora ekartzeko.

22 oriotar hil ziren gerran

Udaletxeko ekitaldi horretan gogora ekarriko dira 1936ko gerran hildako 22 oriotarrak, alde batekoak eta bestekoak; eta gerra haren zentzugabekeria salatuko da.

Teodoro Mitxelenaren kasuan, nolanahi ere, bada ezaugarri bat, harena berezia egiten duena, Udalari dagokionez. Duela 78 urteko urriko egun hartan, udal langile bat joan zen Mitxelenaren etxera ate joka, eta hark lagundu zion kanpoko beste batzuen eskuetan utzi arte. Gero, gainera, handik 12 urtera, 1948an, Mitxelenaren alargun Faustina Azkuek eskatuta, Udalak agiri bat egin zuen. Agiri hartan, orduko sekretarioak isildu egiten zuen, nahita, Mitxelena hila zenik: herritik desagertuta omen zegoen irailaren 8tik.

Ekitaldi irekia

Ostiraleko ekitaldia irekia da herritar guztientzat; baina Udalak bereziki deitu nahi ditu parte hartzera gerra hartan hildako herritar guztien senideak. Saioan, batetik, musika izango da, herritar haiek gogora ekartzeko: bikote instrumental batek joko du, eta Egunsenti otxoteak kantatuko du. Testu bat irakurriko da, orduko hilketa hura historian kokatzeko, eta Udalak mozio bat onartuko du. Udala osatzen duten hiru talde politikoek aho batez adostua eta onartua dute mozioaren testua.

Ekitaldia 20:00etan hasiko da.