Orioko Independentisten Foroak antolatutako “Orio 3ten” izeneko jardunaldien barruan, Porrotx pailazoa izango da Orion azaroaren 25ean, ostegunarekin.
Porrotxen saioa Herriko Plazan izatekoa zen; baina, eguraldi oso txarra iragarrita dagoenez, antolatzaileek erabaki dute pilotalekuan egitea.
Arrazoi berberagatik, antolatzaileek bertan behera utzi dute herrian barrena egitekoa zen bizikleta-martxa.
Porrotxen saioa, beraz, udal-pilotalekuan izango da oso-osorik, 16:45ean hasita.
Festa giroko ekitaldia izango da eta herriko haur guztiak daude gonbidatuta parte hartzera. Entzierroa egingo du Porrotxek haurrekin eta, festari bukaera emateko, txokolate-jana izango da.
Mahaingurua, gero
Ondoren, jardunaldiei bukaera emateko, mahaingurua izango da kultur etxean, 19:30ean hasita. Aztergai izango duten gaia honako hau izango da: “Euskal Herriko hezkuntza sistema”.
Bertan parte hartuko dute: EHBE (Euskal Herriak Bere Eskola) taldeak, Hik Hasi aldizkariko kide batek eta Joxe Mari Agirretxek.