Poxpolo ta Mokolo pailazoen emanaldia izango da Orioko plazan, ‘Ostegunero’ programaren barruan

Ostegunero programaren baitan haurrentzako ekitaldiak antolatu ditu Orioko Udaleko Kultura batzordeak, abuztuaren bukaera bitartean.

Programa horren barruan, Poxpolo ta Mokolo pailazoen emanaldia izango da ostegun honetan, uztailak 28, arratsaldeko zortzietan hasita. Poxpolo eta Mokolo pailazoek badaramatzate hainbat urte Euskal Herriko plazak korritzen eta Orion ere izan dira lehendik. Bost urtetik gorako haurrentzako prestatu dute beren emanaldia eta oso saio parte-hartzailea izango da.

Ostegunero programako emanaldi guztiak ostegunez izango dira herriko plazan eta 20:00etan hasiko dira. Ekitaldi hauek bi helburu dituzte: batetik, herriko eta kanpoko haurrei euskal giroko ikuskizunak eskaini nahi dizkie Kultura batzordeak, udako programaren barruan eta, bestetik, haurrekin batera haien gurasoak ere mugitu ohi direla aprobetxatuz, herri barruko giroa suspertu nahi du, udako opor giroa hondartza ingurura mugatu ez dadin.

Uztailaren 28koaz gain, hauek dira datozen asteotan izango diren saioak:

Abuztuaren 4an, txotxongiloak: Pinotxo.

Abuztuaren 11n, magia ikuskizuna: Txan magoa.

Abuztuaren 18an, antzerki-kontzertua: Xurdin.

Abuztuaren 25ean, joko malabareen tailerra.