Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza aktore ezagunak protagonista dituen “Rita” antzezlana ikusteko aukera izango da Orioko kultur etxean ekainaren 14an, ostiralarekin.
Sarrera 5 eurotan
Emanaldia 22:00etan hasiko da eta sarrerak 5 euro balio du.
Kultur etxeko aretoaren aforoa mugatua denez, 100 txartel jarriko dira salgai eta, beraz, antzezlana ikusi nahi dutenek hobe dute garaiz ibili eta sarrerak aldez aurretik hartzea. Datorren astelehenetik aurrera erosi daitezke, kultur etxera joanda.
Irakasle-ikasle arteko harremanak oinarri dituen komedia
Txalo Produkzioak ekoitzi du Rita antzezlana eta Begoña Bilbao da zuzendaria.
Frank unibertsitateko literatura-irakaslearen eta Rita ikaslearen artean sortzen den harremana du oinarri komedia honek.
Franki ikasle berri bat etorri zaio: Rita. Rita ile-apaintzailea da eta oso bestelako izaera eta mundu-ikuskera du. Zinez, bi mundutan bizi dira irakaslea eta ikaslea: Ritak uste du Macbeth taberna baten izena dela eta Hamlet, berriz, zerbeza marka bat. Frank irakaslea, berriz, etsiak jota dagoen poeta da, amore emandakoa; baina Ritaren agerpenak berpiztu egingo du. Ikasleak ikastea maite du eta irakasleak maitatzen ikasiko du. Sarritan ikaslea bera izan ohi da irakaslerik onena.
“Educating Rita” antzezlanaren itzulpena
Willy Russell idazle britaniarrak idatzitako ‘Educating Rita’ antzezlanaren itzulpena eta egokitzapena da obra hau. 1980an taularatu zen aurreneko aldiz Londresen eta 1983an, berriz, zinemara eraman zuten izenburu berarekin, Michael Caine (Frank) eta Julie Walters (Rita) aktore nagusi zirela.
Fitxa teknikoa
Egilea: Willy Russell
Euskarazko itzulpena: Martin Agirre
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza
Musika: Audio Network
Eszenografia: Asier Sancho Senosiain
Eszenografiaren egilea: Escenica Integral
Jantzien diseinua: Cristina Martinez
Argiztapena: Julen Zaballa
Teknikoa: Alfredo Medina Lirio
Argazkiak: David Vicente