Saharako umeak etxean hartzeko deialdia egiten du Udaleko Gizarte Zerbitzuak

Udaleko Gizarte Zerbitzuak dei egin die Orioko familiei, aurtengo uztailean eta abuztuan Saharako ume bat etxean har dezaten. Oporrak Bakean 2003 du izena programak eta, dagoeneko, hirugarren urtea da Udalak parte hartzen duela Urola Kostako Udal Elkartearekin elkar lanean.

Herriko familia asko animatu izan dira udako oporretan Saharako ume bat etxean hartzera, eta herritarren erantzuna horren ona izan denez eta esperientzia oso positiboa izan denez, aurten ere, Udalak aukera eman nahi die Saharako umeei gure artean oporrak pasatzeko, modua izan dezaten bi hilabetez beren bizimodu gogorra uzteko eta opor alaiak gozatzeko.

Saharako ume hauetako bat uztailean eta abuztuan etxean hartzeko prest daudenek Orioko Udaleko Gizarte Zerbitzura edo Urola Kostako Udal Elkartera jo behar dute izena ematera. Edozein zalantza argitzeko, udaletxera jo eta egin Maria Luisa Urbietaren edo Santi Zalduaren galdera (tel. 943 83 03 46).

Izena emateko azken eguna otsailaren 24a izango da, astelehena.