Sahararen aldeko ekitaldia egingo da udaletxean otsailaren 27an

Aurreko urtetan bezala, Sahararen aldeko ekitaldia egingo da udaletxean otsailaren 27an.

Sahararrek otsailaren 27an ospatzen dute, urtero, Saharar Errepublika aldarrikatu zuteneko urteurrena eta egun hori, nolabait, beren independentziaren aldeko eguna bilakatu da.

Aurtengo otsailaren 27an, ostegunarekin, ekitaldia egingo da Orioko udaletxean, udalbatzarraren aretoan, 11:00etan hasita. Ondoren, Mendebaldeko Sahararen bandera zintzilikatuko da udaletxeko balkoian, ikurrinarekin batera, eta gero Saharako herriaren ordezkariek eta Orioko herriaren hainbat ordezkarik tea hartuko dute udalbatzarraren aretoan.

Adierazpen instituzionala

Udalak, egun horri begira, honako adierazpen instituzionala onartu du aho batez:

Euskadi-Sahara koordinakundeak Saharako Arabiar Errepublikaren aldarrikapenaren 38. urteurrenean aurkeztu duen eskaria dela-eta, adierazten dugu bat egiten dugula Mendebaldeko Saharako gatazkaren inguruan azken urteotan aurrerapenik ez dela egin dioen ikuspuntuarekin:

  • Mendebaldeko Saharako lurraldearen bi herenen okupazioa, urtetan eta urtetan luzatzen dena eta indar militarrek babestutako 2700 km luze den minaz jositako hesi batek bermatzen duena.
  • Mendebaldeko Saharako baliabide naturalen legez kanpoko ustiapena. Etenik gabe jarraitzen duena eta zenbait arlotan, arrantzaren kasuan bezala, Europar Batasunaren konplizitatearekin bermatzen dena.
  • Mendebaldeko Saharako herritarren oinarrizko giza eskubideen etengabeko zangopilatzea. Saharar herritartasunaren aldeko aldarriak, okupazioaren inpunitatearen babespean itotzen jarraitzen dute. Urtez urte, giza eskubideen aurkako erasoen testigantzak, nazioarteko begiraleen pasibotasuna areagotzen den era berean areagotzen direlarik. Arlo honetan, gogoratu besterik ez dugu Nazio Batuen Erakundeak, munduan zehar hedaturik dituen bake misioen artean, Mendebaldeko Saharakoa dela giza eskubideen arloan eskuduntzarik ez duen misio bakarra.

Udal honek saharar herriaren kausarekiko atxikimendua erakutsi nahi du eta honako hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

  • web komunikaziorako euskarrietan saharar herriari babesa adieraztea
  • Udaleko fatxadan Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren bandera jartzea