Donostia 2016 egitasmoaren barruan kontzertu solidario bat antolatu dute abenduaren 5ean, astelehenarekin, 20:00etan hasita, dirua biltzeko Erretinosi Pigmentarioa gaixotasunari buruzko dokumental bat egiteko.
Kontzertuan jende ezagunak parte hartuko du: Miguel Rios rock abeslaria, Baron Rojo taldeko Sherpa, Marea taldeko Kutxi Romero, Fernando Mosquera gaita-jotzailea, Antonio Domingo musikari eta pedagogoa, Ibon Casas… Beren errepertorioko kantak abestuko dituzte, abesbatza batek eta Big Band batek lagunduta. Saioa Oscar Terol donostiarrak eta Arevalok aurkeztuko dute.
Salatxo, Kantuz eta Aiztondo abesbatzak batera
Salatxo abesbatzaren zuzendari Igor Arroyok zuzentzen dituen hiru abesbatzek ere (Orioko Salatxo, Hernaniko Kantuz eta Astigarragako Aiztondok) kontzertuan parte hartuko dute eta denbora daramate dagoeneko horretarako prestatzen eta entsaioak egiten.
Kontzertua Victoria Eugenia antzokian egitekoa zen hasieran; baina sarreren salmentak arrakasta handia izan du eta antolatzaileek Kursaalen egitea erabaki dute, jende gehiagok izan dezan bertaratzeko aukera. Interesa dutenek oraindik eros dezakete sarrera ohiko tokietan.
Donostiako kontzertu hau dela eta, Salatxo abesbatzak ezin izango du aurten kantatu San Nikolas jaietako txupinazoan.