San Pedro jaietan Kantu Jira egingo da aurten ere

Aurreko urteetan bezala, kantu jira izango da aurten ere San Pedro jaietan. Errikotxia taldeak eta Egunsenti abesbatzak antolatu dute, herritarrak kalez kale kantari jartzeko helburuarekin.

Saio txukuna egiteko, bi entsaio egingo dituzte aldez aurretik.

Lehenengo entsaioa ekainaren 22an izango da, asteartearekin eta bigarrena, berriz, ekainaren 24an, ostegunarekin.

Bi entsaio horiek iluntzeko zortzietan egingo dira, elizako saloian.

Herritar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera, bai kantu jiran eta bai aldez aurreko entsaioetan. Bete behar den baldintza bakarra kantatzeko eta ondo pasatzeko gogoa izatea da. Ez da behar kantatzeko aparteko gaitasunik; baina bai umore ona eta alaitasuna.