Txakur-gorotzak botatzeko zortzi ontzi jarri ditu Udalak hainbat gunetan

Udalak argazkikoa bezalako zortzi ontzi jarri ditu herriko hainbat gunetan, txakur-jabeek erabiltzeko.

Txakur-gorotzen gaiak kexa ugari sortzen du herritarren artean eta Udalak, bidezko kexa horiei erantzuna eman nahian, txakur-gorotzak botatzeko ontziak jartzea erabaki du, txakur-jabeei erraztasunak emateko. Azken batean, herritar guztiok konpartitzen dugun helburua da Udalak lortu nahi duena: gure parke, lorategi eta belardiak txukun edukitzea, guztiok erabili eta gozatu ahal izateko.

Zibismoa eskatzen du Udalak

Udalak ahalegin handia egin du, azken aldian, kale-garbiketa zerbitzua hobetzeko; baina herrian baditugu arazoak Udalak bakarrik konpondu ezin dituenak, herritarren kontzientziazioarekin zerikusia dutelako; eta horietako bat da txakur-gorotzena.

Udal ordenantzek garbi esaten dute jabeek jaso behar dituztela beren txakurren gorotzak eta hala jakinarazi zien Udalak aspaldi txakur-jabe guztiei, banan-banan eta gutun bidez. Asko dira, ordea, araua betetzen ez dutenak eta, ondorioz, gure kaleak —eta, bereziki, lorategi eta belardiak— txakur-gorotzez beteta daude.

Zibismo kontu bat da: kaleak, lorategiak eta belardiak guztionak dira eta, askotan, herritarrok ezin ditugu erabili gutxi batzuen jarrera inzibikoagatik.

Udalak kale-garbiketa zerbitzua hobetzeko egindako ahalegina ez da nahikoa izango herritarrek ere kontzientzia hartzen ez badute eta guztion onerako ezarri diren arauak errespetatzen ez badituzte.