Liburutegiaren jendaurreko zerbitzuak etenda segituko du, baina erabiltzaileek aukera izango dute liburuak maileguan hartzeko, prozedura honi jarraituta:
Erabiltzailea Eusko Jaurlaritzako katalogoaren webgunera sartuko da eta bertan ikusiko du Orioko udal-liburutegiaren eskaintza (https://www.euskadi.eus/web01-a2libzer/eu/contenidos/biblioteca/x42t_biblio_216/eu_def/index.shtml ). Erabiltzaileak bertatik aukeratuko ditu interesatzen zaizkion liburuak eta, eskaera egiteko, e-mail bat jarriko dio liburutegiko arduradun Miren Anduezari (liburutegia@orio.eus ) edo 943 833 377 telefonora deituko dio 16:00etatik 19:30era bitartean.
Maiatzaren 4tik 8rako astean, banaketa etxera
Maiatzaren 4tik 8ra bitarteko astean, erabiltzaileek maileguan hartutako liburuak etxez etxe banatuko ditu liburutegiak, herritarrek ez daukate-eta baimenik kultur etxera joateko. Beraz, erabiltzaileak etxean bertan jasoko du eskatutako liburua. Liburuak etxez etxe banatzeaz herrian sortutako zaintza-sareko boluntarioak arduratuko dira, beharrezko babes-neurriak hartuta.
Maiatzaren 11tik aurrera, kultur etxean
Maiatzaren 11tik aurrera, berriz, erabiltzaileek berek jasoko dituzte liburuak kultur etxean, ordurako, gauzak ondo bidean, horretarako baimena izango dute-eta.
Liburuak itzultzeko, betiko sistema erabili behar da: liburuak kultur etxearen sarreran dagoen maileguak itzultzeko kutxan utzi behar dira maiatzaren 11tik aurrera (ordura arte, ez, kutxa itxita egongo da-eta).
Liburuen desinfekzioa
Udal-liburutegiak beharrezko neurriak hartuko ditu herritarren etxeetara iristen diren liburu guztiak behar bezala desinfektatuta egon daitezen eta banaketa baldintza sanitario egokitan egin dadin.