Udal taldeek babesa eman diote erabakitzeko eskubidearen aldeko giza-kateari

Gure Esku Dago ekimenak antolatuta, giza-kate erraldoia egingo da ekainaren 8an Durango eta Iruñea artean, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde agertzeko.

Udala osatzen duten talde politikoek (EAJ, Bildu eta Orainek) babesa agertu diote ekitaldiari eta erabaki dute autobusen gastuaren erdia Udalak hartuko duela bere gain.

Oriotarrei giza-katearen 43. kilometroa osatzea egokitu zaie, zarauztarrekin eta aiarrekin batera. Urretxu inguruan dago ibilbidearen 43. kilometroa eta, hara joateko, autobusak izango dira.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen honetan parte hartu nahi dutenek ibilbidearen metro bat erosi behar dute (5€) eta aldez aurretik eman behar dute izena, fitxa bat beteta.

Izen-ematea

Giza-katea Gure Esku Dago ekimenbak antolatu du eta izena emateko biderik errazena Orioko antolaketa-taldeko Rosi Lazkanori deitzea da (671 070 569); baina internetez ere egin daiteke Gure Esku Dago ekimenaren webgunean:

Gure Esku Dago webgunea

Gogoan hartu beharrekoak

  • Antolatzaileek adierazi dutenez, Orioko autobusak 09:00etan abiatuko dira, ekainaren 8an, autobus geltokitik.
  • Autobusak 10:00ak aldera iritsiko dira Urretxura eta han antolatuko da jendea. Oriotarrei giza-katearen 43. kilometroa egokitu zaie. Zarauztarrak eta aiarrak ere kilometro horretan juntatuko dira
  • Giza-katea 12:00etatik 12:30era bitartean egingo da eta festa-giroko ekitaldia izango da.
  • Autobusaren prezioa 10 eurokoa da, pertsonako; baina oriotarrek horren erdia bakarrik ordainduko dute, beste erdia Orioko Udalak ordainduko duelako. Autobusaren dirua egunean bertan ordaindu behar da, abiatzerakoan; baina autobusa erabiltzeko asmoa dutenek aldez aurretik jakinarazi behar diote Rosi Lazkanori (671 070 569), aurrez jakin ahal izateko zenbat autobus beharko diren.
  • Ekitaldia eta gero, egun osoko festa antolatu dute Lazkaon eta hala nahi dutenek aukera izango dute han geratzeko. Autobusean bueltatzeko, bi aukera izango dira: 13:00etan, etxean bazkaritarako egon nahi dutenentzat, eta 19:00etan, Lazkaoko  festan geratu nahi dutenentzat.