Orioko alkateak eta Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) ordezkari Uxua Ostolazak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean, udaletxean. Horren arabera, Udalak 30.000 euroko dirulaguntza emango dio aurten UKT kooperatibari, eskualdean euskarazko komunikazio-zerbitzuak garatu eta emateko.
Karkara Taldeak eta eskualdeko beste komunikabide batzuek elkar hartuta, UKT kooperatiba osatu zuten iaz. Geroztik, kooperatiba hori bihurtu da gure eskualdeko komunikazio-talderik garrantzizkoena. UKTk hainbat idatzizko komunikabide argitaratzen ditu euskaraz eskualdeko herrietan: Karkara, Uztarria, Baleike, Hitza egunkaria… eta bere baitan du, baita ere, Erlo telebista, ikus-entzunezko alorrean.
Eskualdeko euskarazko hedabideen lekukoa
Urola Kostan hamarkada luzez lanean aritu diren euskarazko hedabideen oinordetza zuzena jaso du UKTk, eta funtsean, haiek zuten helburu bera bete nahi du, baina eskualde osoan eraginda. UKTren helburua da Urola Kosta eskualdean euskarazko komunikazio-zerbitzuak abiatu eta garatzea, informazioaren arlo tradizionalak nahiz berriak jorratuz, giza kohesioaren alde.
Gaur sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez, Udalak bat egiten du UKTren helburu horrekin eta 30.000 euroko dirulaguntza emango dio, behar bezala garatu ahal izateko.