Udalak arautu egin du pozoien eta herbiziden erabilera egokia

Hainbat herritarrek azaldu duten kezkari erantzuteko, Udalak arautu egin du pozoien eta herbiziden erabilera egokia.

Batetik, arratoien kontrako pozoia erabiltzen duten herritarrek hamar arau hauek bete beharko dituzte:

1.- Pozoia haurrengandik urruti gorde behar da.

2.- Janari, edari eta pentsuetatik urruti izan eta erabili behar da.

3.- Erabiltzerakoan, eskularru egokiak erabili behar dira(iragazgaitzak).

4.- Erabili ondoren, eskuak ondo garbitu.

5.- Istripua gertatuz gero edota ondoeza izanez gero, joan medikuarengana eta, ahal bada behintzat, erakutsi medikuari produktuaren etiketa.

6.- Behar den tokian bakarrik erabili. Produktua erabiltzen duenak babestuta egon behar du, eta haurren edota animaliengandik urruti erabili beharko du.

7.- Jendea ibiliko den tokietan erabiliz gero, produktua erabili dela adieraziko duten kartelak jarri behar dira.

8.- Euria egiten duenean, urarekin pozoi-poltsak mugitzeko aukera saihesteko, komeni da poltsak zerbaiti lotuta uztea.

9.- Produktua jarrita izan, eta arratoiek edo antzeko animaliek jan ez badute, sobratutako pozoia jaso eta udaletxera bueltatuko da, hondakina behar bezala desegin ahal izateko. Etorkizunean arratoiak eta modu horretako animaliak akabatzeko produktua berriro behar izanez gero, udaleko brigadari edo udaltzaingoari eskatu eta haiek banatuko dute.

10.- Koagulazioaren aurkako pozoia denez, konturatu gabe pertsonaren batek irentsiz gero, K bitamina hartu behar da.

Udalak jakinarazi du, baita ere, pozoia gaizki erabiltzen duten baserrietako eta txaboletako herritarrak direla pozoiaren erabilpen txarrak eragin ditzakeen kalteen erantzule.

Herbizidak

Udalak erabiltzen dituen herbizidak ez dira arriskutsuak pertsonentzat eta animalia koxkorrentzat. Hala ere, herritarrak jakinaren gainean egoteko, Udalak seinalizatu egingo ditu eremuak, herbizidak erabiltzen dituen bakoitzean.