Udalak digitalizatu eta ikusgai jarri du 2001ean arrauneko bertsoei buruz kiroldegian egindako ekitaldiaren bideoa

Orioko Udaleko Kultura Sailak ekitaldia antolatu zuen 2001eko azaroaren 10ean, «Mende bat arraunean» izenpean. Ekitaldi hartan 1901etik 2001era bitartean Orioko arraunlariei jarritako bertsoak kantatu zituzten herriko hainbat lagunek, musikaz lagunduta eta Marije Gurrutxaga aktoreak gidatutako kontakizun baten barruan.

2001ean ehun urte bete ziren Orioko arraunlariek Kontxako lehenbiziko bandera irabazi zutela, eta mendeurrena ospatzeko asmoz antolatu zen ekitaldia. Ekitaldiaren ideia Iñaki Iturainena izan zen eta hark idatzi zuen gidoia. Aurkezle eta laguntzaile, berriz, Marije Gurrutxaga eta Alex Mateos ibili ziren. Bertsoak kantatzen herritar ugarik parte hartu zuen: Jose Mari Urkizu, Xabier Sukia, Jon Sarasua, Juanito Urkizu, Iñaki Iturain, Ibai Esoain eta Julen Saizar, Oihana Alkorta, Eneritz Erkizia eta Sonia Fernandez, Eusebio Lasarte eta Salatxo abesbatza. Musikariak, berriz, hauek izan ziren: Amaia Gutierrez, Xabier Zabala eta Joserra San Sebastian. Manuel Lasarte bertsolariak ere kantatu zituen bertso batzuk eta omenaldi txiki bat egin zioten antolatzaileek.

Ekitaldian Gaztelu, Txanka, Pello Saikola, Fabian Loidi, Manuel Lasarte, Eusebio Lasarte eta Patxi Etxeberriaren bertsoak kantatu ziren eta Maite Ramirok egin zuen bideoa, orain Udalak herritarren eskura jarri duena.

Udalaren Youtube-ko kanalean dago bideoa eta hemen ere ikusi dezakezue: