Udalak eta bi ikastetxeek parkeetara eraman dute ‘Aita, ama… kontu bat dut zuei esateko’ kanpaina

Udalak eta herriko bi ikastetxeek abian daukate egitasmo bat, gurasoen hizkuntza-ohituretan eragiteko, eta horren barruan, kartelak jarri dituzte haur parkeetan, egitasmoaren ikur gisa. Argazkian ikus daiteke kartel horietako bat. Haur eta gurasoak biltzen diren parke guztietan jarri dituzte kartelak eta horien helburua da haurren hizkuntza-joera, normalean euskaraz egitekoa, gurasoengana ere zabaltzea.

GURASOEK EUSKARA ERABILTZEAREN GARRANTZIA

Kontu jakina da gurasoen jarrera eta portaerak eragin handia daukala haurrengan. Gaia aztertu dutenek esaten dutenez, eskolak bainoa eragin handiagoa dauka etxeak haurren jokaeran, orokorrean, eta, beraz, baita hizkuntzarekiko jarrera eta atxikimenduan ere.

Egitasmoari ekin aurretik, Udaleko Euskara Zerbitzuak galdetegi bat prestatu zuen, herriko bi ikastetxeen laguntzarekin, egoera zein den jakiteko.

Galdetegia LH4, LH5 eta LH6ko ikasleek eta beren gurasoek bete zuten 2014ko apirilean. Guztira, 16 galderez osatutako galdetegia zen, guztiak etxeko eta lagun arteko hizkuntza ohiturei buruzkoak.

GALDETEGIAREN EMAITZAK

Galdetegiaren emaitzak honako hauek izan ziren:

  • Gurasoen euskara-ezagutzari buruzko datuak bat datoz, oro har, erroldako azken datuek erakusten dutenarekin.
  • Hizkuntzaren transmisioa nahiko ondo bideratuta dago familietan: euskaraz dakiten gurasoek, ia erabat, euskaraz egiten diete seme-alabei. Familia mistoetan ere (guraso bat euskalduna, bestea ez), euskaraz dakien gurasoak euskaraz egiten die haurrei ia beti. Hori datu positiboa da.
  • Kontuan hartuta familia mistoen portzentajea handi samarra dela (%36,25), deigarria da anai-arreben arteko euskararen erabilera %88koa izatea. Familia misto gehienetan euskaraz egiten dute anai-arrebek beren artean, eta familia guztiz erdaldun batzuetan ere bai. Hori ere oso datu positiboa da.
  • Bi gurasoen arteko erabilera aztertzerakoan ikusten da gehiago direla beren artean gaztelaniaz hitz egiten dutenak (%55) euskaraz egiten dutenak baino (%40). Kontuan hartuta familien %64an bi gurasoak euskaldunak direla, horrek esan nahi du asko direla, biek euskaraz jakin arren, beren artean gaztelaniaz egiten duten gurasoak.
  • Berdintsu gertatzen da gurasoei galdetzen zaienean beste gurasoekin zein hizkuntza erabiltzen duten. Euskaraz aritzen direla diotenen portzentajea %53-57 ingurukoa da, nahiz eta, ikusi dugun bezala, ezagutza askoz handiagoa izan (%74-78). Horrek berriro erakusten du euskaldun dezentek ohitura duela lagunartean gaztelaniaz jarduteko.
  • Nabarmentzekoa da euskararen erabilera-indizerik baxuena esparru intimoenean gertatzen dela: kalean baino baxuagoa da etxean.
  • Ondorio nagusia honako hau da: euskararen erabilerari dagokionez, Orion haurrak eredu dira helduontzat. Asko dugu ikasteko gure haurren hizkuntza jokaeratik.