Udalak herritarren bultzada nahi du, euskaraz gero eta gehiago lan egiteko

Orioko Udalak asko aurreratu du azken urteotan euskararen erabileran, baina pausoak ematen segitu nahi du, eguneroko lan hizkuntza euskara izan dadin ahalik eta egoera gehienetan.

Bide horretan laguntzeko, herritarrak animatu nahi ditu, Udalarekiko harremanetan euskaraz egin dezaten ahoz eta idatziz.

Horretarako, jendeari harrera egiten dioten udal-lanpostu guztietan mezu hau erakusten duten karteltxoak jarri ditu Udalak: Eskerrik asko euskaraz lan egiten laguntzeagatik.

Mezu horren bidez Udaleko Euskara batzordeak adierazi nahi die herritarrei beren jarrera ere garrantzizkoa dela Udalak euskarazko zerbitzua eman dezan, gero eta gehiago. Udaleko zerbitzu guztiak gai dira, gaur egun, herritarrari zerbitzu osoa euskaraz emateko eta hori da Udaleko Euskara batzordeak bultzatu nahi duena, oriotarren laguntzaz.

Hizkuntza politikaren dekalogoa

Udalbatzarrak dekalogo bat onartu zuen aurten, aho batez, Udalaren hizkuntza politikaren arau nagusiak biltzen dituena. Dekalogo hori eskualdeko herri guztietan onartu zen, Udal Elkartearen proposamenez. Onartutako dekalogo horren testua jasotzen duten kartelak jarriko ditu Udalak udaletxeko, kultur etxeko eta kiroldegiko sarreretan.