Udalak 2012an onartu zuen udal-ordenantza bat, animaliak edukitzea eta babestea arautzeko. Ordenantza horretan zehazten da, besteak beste, txakurrek lotuta joan behar dutela beti kalean eta jabeek obligazioa dutela beren txakurren gorotzak lurretik jasotzeko. Gero, 2016an, Udalak aldaketa bat egin zion ordenantzari eta txakurrak libre, lotu gabe, ibiltzeko aukera zabaldu zuen, betiere toki eta ordu jakin batzuetan:
- Diketik Ortzaika artean, neguan 18:30etik 10:00etara, eta udan 19:30etik 10:00etara.
- Anbulatoriotik hondartza artean, neguan 18:30etik 10:00etara, eta udan 19:30etik 10:00etara.
- Hondartzan, neguan 18:30etik 10:00etara; eta Aste Santutik urriaren 1a arte ordutegi honetan bakarrik: 21:00etatik 06:00etara.
Gainerako toki eta orduetan txakurrak lotuta eraman behar dituzte jabeek.
Horrez gain, txakurrek galarazita daukate sartzea haur-parkeetan eta, orokorrean, «Txakurrak debekatuta» seinalea dagoen eremuetan. Eremu horietan ez daukate ibiltzerik, ezta lotuta ere.
Gaurtik aurrera, isunak
Arauak betetzen ez dituztenei isunak jartzea aurreikusten du ordenantzak, baina udaltzainek orain arte ez dute isunik jarri eta abisuak ematera mugatu dira.
Ikusita, ordea, jende askok ez diola txakurra lotuta eramateko debekuari kasurik egiten eta herriko bazterrak txakur-gorotzez beteta daudela, Udalak ordenantza zorrotz aplikatzen hastea erabaki du eta, gaurtik aurrera, isunak jarriko dizkie ezarritako arauak betetzen ez dituztenei:
- Txakurrak uhalarekin lotu gabe eramatea arau-hauste larritzat hartzen du ordenantzak, eta jabeak 300,52tik 1.502,53 eurora arteko isuna jasoko du.
- Txakur-gorotzak uzteagatik kale eta plaza publikoetan, haur-parkeetan, lorategietan eta oinezkoen ibilbideetan, jabeak 601,01 euroko isuna jasoko du.