Udalak itxi egingo du Oribarzarko hondartza, segurtasuna bermatu ezin delako

Oribarzarko hondartza ixtea erabaki du Orioko Udalak datorren asteburu honetan hasi eta uda bukatu arte, herritarren segurtasuna bermatzeko.

Oribarzarko hondartzan ez dago sorosle-zerbitzurik eta ez bainatzea aholkatzen da, lohia dagoelako ur azpian eta, askotan, batez ere marea behean, uraren kalitatea txarra izaten delako.

Nahiz eta Oribarzarko hondartza ez dagoen sartuta bainurako baimendutako Gipuzkoako hondartzen artean, gero eta jende gehiagok erabiltzen du eta, aforoa kontrolatzeko sistemarik ez dagoenez, jende-pilaketak eta egoera arriskutsuak sortu daitezke udan, COVID-19ak eragindako osasun-krisia dela-eta. Horregatik hartu du Udalak, aho batez, hondartza ixteko erabakia, kontu honetan eskumena duten erakundeekin gaia aztertu eta gero.

Herritarren segurtasuna da Udalaren lehentasuna eta, hori ezin bada bermatu, zuhur jokatzea da onena.

Hondartza, hesiz inguratuta

Udalak hesiz inguratu du hondartza-eremua, hondarretara inor sartu ez dadin. Udaleko brigadak sare metalikoarekin itxi du hondartzaren buelta osoa. Lanak atzo bukatuko zituzten eta, beraz, asteburutik aurrera, erabat itxita izango dira hondartzaren sarrera-irteerak.