UDALAK KOSTASI ANIBARKO PORTUTIK ORTZAIKARA DOAN OINEZKOEN BIDEA AZKAR BATEAN KONPONTZEKO BIGARREN ESKAERA EGIN DIO

2008ko urtarrilaren 10ean Orioko Udalak Kostaseko Zuzendaritza Orokorrari idatzi bat luzatu zion Anibarko Portutik Ortzaikara doan oinezkoen bidea egoera arriskutsuan zegoela adieraziz. Zenbait herritarren kexak jaso ostean ibilbide hori konpontzeko eskatu zitzaien lehenbaitlehen gune hori Kostasen ardurapean baitago.

Izan ere, euria egiten duen egunetan trabesaz osatutako bidea oso irristakor egoten da eta arriskutsu, pertsona bat baino gehiago erori da dagoeneko bide horretan. Egurrezko trabesak irristakorrak izateaz gain horietako asko egoera txarrean daude, puskaturik, okerturik eta zaharkiturik orokorrean.

Orioko udalak duela aste batzuk Kostaseko zuzendaritzatik eskutitz bat jaso du. Bertan, pasealekuko tarte batean proba gisa trabesei produktu berezi bat emango diela adierazten dute irriskortasuna kentzeko.

Udalaren eskaera

Udaleko Bulego teknikoak, aldiz, beste txosten tekniko bat igorri die Kostasekoei zera eskatuz: egurrezko trabesak oinezkoentzat material arriskutsua direnez beste material batez ordezka ditzatela ahalik eta azkarren eta aldaketa hori egin bitartean probatu berri duten produktu itsaskorra jar dezatela lehenbaitlehen.

?Pasealeku honek denbora gehiegi darama egoera kaskar eta arriskutsuan eta bada garaia Kostasekoek berriketa lanak buru ditzaten herritarrek ahalik eta azkarren pasealeku atsegin hori lasai erabil dezaten?, Jon Redondo Alkatearen hitzetan.