Udalak ‘Orio 2030’ parte-hartze prozesua abiatu du, Plan Orokor berria herritarrekin lantzeko

Orioko Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokorra ari da lantzen eta parte-hartze prozesu bat abiatu du, lanketa horretan herritarren iritziak eta ekarpenak jaso eta kontuan hartu ahal izateko. Parte-hartze prozesuari ‘Orio 2030’ izena jarri dio.

 

Parte-hartze prozesu horren barruko lehenbiziko bilera irekia datorren asteartean izango da, otsailak 17. Kultur etxean egingo da, 20:00etan hasita, eta irekia izango da parte hartu nahi duten herritar guztientzat.

Zer da Plan Orokorra?

Aldian behin komeni da geldialdi bat egin eta pentsatzen jartzea zer nahi dugun etorkizunerako. Hirigintzaren alorrean, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bitartez egiten du hori Udalak. Dokumentu horrek zehazten du zein izan daitekeen herriaren garapena datozen urteotan.

Udalak lehiaketa publiko baten bidez erabaki zuen Plan Orokorraren lanketa teknikoa Santi Peñalba eta Manu Arruabarrena arkitektoek eta Mikel Iriondo abokatuak osatutako taldeari adjudikatzea. Talde tekniko horrek aztertu du zer egin daitekeen herriko zenbait eremu hobetzeko eta herritarren biharko premiei erantzuteko. ‘Orio 2030’ parte-hartze prozesuaren barruan, hainbat aukera aurkeztuko dituzte bilera irekitan eta, ondoren, herritarrek egindako ekarpenak bilduko ditu Udalak, udalbatzarraren onarpena jasoko duen dokumentua osatzeko.

Bost bilera ireki

‘Orio 2030’ parte-hartze prozesuaren lehen fasean bost bilera ireki egingo dira kultur etxean:

  • Otsailaren 17an, asteartea, 20:00etan: Planaren azalpen orokorra.
  • Otsailaren 24an, asteartea, 20:00etan: Planaren azalpena, eremuz eremu.
  • Martxoaren 3an, asteartea, 20:00etan: Mugikortasuna.
  • Martxoaren 10ean, asteartea, 20:00etan: Dotazioak eta espazio libreak.
  • Martxoaren 12an, osteguna, 20:00etan: Natur baliabideak eta lurzoru urbanizaezina.

Bilera horietan ahalik eta jende gehien parte hartzea nahi luke Udalak. Lehenbiziko bileran gaiaren azalpen orokorra egingo du talde teknikoak eta gainerakoetan kontu espezifikoagoez arituko dira. Ez dira izango adituentzako bilerak, baizik-eta edozein herritarrentzako modukoak. Gaiarekin interesa izanez gero, edozeinek ulertu eta segitu ahal izango ditu azalpenak, eta guztiek izango dute aukera iritzia emateko.

Aldizkaritxoa herriko postontzietan

Parte-hartze prozesuaren berri zabaltzeko, Udalak aldizkaritxo bat argitaratu eta banatu du herriko postontzi guztietan. Aldizkariaren PDFa hemen ikus daiteke:

Orio 2030 parte-hartze prozesuaren lehen fasea (PDF)

Goiko PDFan kultur etxeko lehen bi saioetan landuko den informazioaren laburpena dago jasota. Gainontzeko saioetarako informazioa bileretan bertan eskuratu ahal izango dute interesatuek.

Plan Orokorraren aurrerapena herritarren eskura

Santi Peñalba, Manu Arruabarrena eta Mikel Iriondok osatutako talde teknikoak prestatu duen Plan Orokorraren aurrerapenaren dokumentuak herritarren eskura jarri ditu Udalak webgune honetan bertan. Ikusi nahi dituenak hementxe ditu eskueran:

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapena