Udalaren oharra, denboraleak eragindako kalteei buruz

Larunbatetik igandera bitartean itsasoak gogor astindu zuen hondartza aldea. Atzo goizean bistakoak ziren kalteak Euskal Herriko kostalde osoan, eta Orion ere bai. Udaleko zinegotziek eta teknikariek goizean egin zuten inspekzioa eta erdiko txiringitoan, surf taldeko lokalean, malekoian eta dunetan izan dira txikizio handienak. Itsasoa kirol portura eta ahateen parkera iritsi zen. Argazkian ikus daitekeenez, malekoiaren bukaerako zatia birrinduta geratu da.

Gaurko egunez, astelehenarekin, honako ohar hauek eman nahi ditu Orioko Udalak:

1.- Segurtasun neurriak herritarrak babesteko hartzen dira. Beraz, Udalak herritarrei eskatzen die udaltzainen aginduak betetzea eta zintaz hesitutako eremuetan barrena ez ibiltzea.

2.- Udaleko teknikariak kalteak neurtzen eta soluzio posibleak aztertzen ari dira.

3.- Orioko alkatea, kostaldeko gainontzeko herrietako alkateekin bilduko da laster, elkarrekin egoera aztertzeko, soluzio bateratuen bila. Martin Garitano diputatu nagusia Orion izango da gaur goizean zehar, izandako kalteak ‘in situ’ ikusteko.