Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMAk) Batzar Nagusi garrantzitsua egingo du larunbatean, martxoak 16, goizeko 10etan hasita, Orioko kultur etxeko areto nagusian.
Euskal Herri osoko 64 herritako 125 hautetsi daude deituta Batzar Nagusian parte hartzera.
Ildo berria
Batzar nagusi horretan, UEMAk amaiera emango dio azken hilabeteetako gogoeta prozesuari eta norabide berri bati ekingo dio. Horregatik da bereziki garrantzitsua aurtengo Batzar Nagusia.
Gogoetaldia eta gero, indarberrituta dator UEMA; ildo berriaz gain, bost herri berri ere onartuko ditu UEMAko Batzar Nagusiak: Zarautz, Lesaka, Tolosa, Lekeitio eta Munitibar.
Ekitaldi instituzionala
Batzar Nagusiaren ondoren, eguerdiko 12etan, ekitaldi instituzionala egingo da kultur etxean. Ekitaldi horretan, UEMAk aurrera begira jorratuko dituen ildo nagusiak aurkeztuko ditu; horrekin batera, datozen hilabeteetan erreferente gisa erabiliko duen leloa ere emango du ezagutzera.
Ekitaldi instituzionalaren egitaraua hau izango da:
- Beñat Solabarrieta, Orioko alkateak, sarrera eta ekitaldiaren aurkezpena.
- Maren Belastegi UEMAko lehendakariak eta zuzendaritza batzordeko kide batek ildo berria aurkeztuko dute.
- Gonbidatuekin argazkia aterako da.
- Gonbidatu eta parte-hartzaileentzat luntxa.