UEMAren berripapera zabalduko da egun hauetan herriko postontzietan

Egun hauetan banatuko da Orioko postontzietan UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) argitaratutako 2016ko abenduko berripapera.

Zortzi orrialdeko berripapera da, UEMAk argitaratu duen 44.a, eta mankomunitatea osatzen duten herri guztietan banatuko da. Guztira, 100.000 ale zabalduko dira Euskal Herriko txokorik euskaldunenetan.

Udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzen ari da

Abenduko berripaperean UEMAra sartuko diren bost herri berrien albistea da nagusia: Areatza, Mendaro, Ataun, Larrabetzu eta Errezil. Bost herri horiek gehituta, 81 udaletara hedatuko da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea eta 240.000 biztanle inguru hartuko ditu bere baitan.

Bestelako kontuak ere badakartza berripaperak:

  • Euskararen egoera herri euskaldunetako osasun-etxeetan
  • Haur Hezkuntzan euskararen gaia lantzeko material berria
  • Kale erabilera neurtuko du UEMAk mankomunitateko herrietan
  • Bortzirietako euskaltegietan izandako matrikulazio datu onak, ikastaroak doan eskaintzea erabaki eta gero
  • Lurralde antolaketa eta euskara
  • Euskararen Eguneko adierazpen bateratua

Deskargatu hemen Berripaperaren PDFa