Urkome sariak banatu ziren azaroaren 30ean

Azaroaren 30ean banatu ziren 4. Urkome Sariak, Azkoitiko udaletxeko batzar-aretoan egindako ekitaldian.

Ekitaldian honako ordezkari politiko eta teknikoek parte hartu zuten:

  • Javier Zubizarreta, Azkoitiko alkate eta Iraurgi Berritzen elkarteko presidentea
  • Ana Eizagirre, Urkomeko presidentea
  • Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Landa Garapeneko zuzendari nagusia
  • Igor Iturain, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria
  • Maite Andres, HAZI-ko Teknikaria

Laugarren aldiz eman dira Urkome sariak: 2009an izan zen lehengo edizioa eta bi urtez behin eman dira. URKOME SARIEN helburua da Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen edo jarduera berritzaileak saritzea. 6 sari eman dira aurten, horietako bat herritarren bozka bidezko sari irekia. Atal bakoitzeko irabazleak 2.000 euroko diru saria eskuratu du eta bozka bidezko sariaren irabazleak, eskualdeko produktuen otarra.

SARIDUNAK

Nekazaritza jardueraren sustapena atalean

Saritutako proposamena: INTXAUR OLIOA

Deskribapena: Intxaurrari balio erantsia emateko asmoarekin, olio bihurtzea da helburua. Gainera, soberakinarekin abereentzat elikagaia egin daiteke hurrengo fase batean.

Egilea: JON ARRUTI

Landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena

Saritutako proposamena: ATXOLA

Deskribapena: Ekoizpen ekologikoan oinarriturik, barazki eta plantelen jarduera, sukaldaritzako zein sendabelarren ekoizpena eta hazkuntza eta fruitu txikien ekoizpenak hartzen ditu bere baitan.

Egilea: UNAI MUJIKA

Landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatu

Atal hau hutsik uztea erabaki du Epaimahaiak.

Landa eremuko balio-aniztasuna agerian jarri

Izenburua: IPINABARRAK ETA SAGARRAK

Deskribapena: Proiektu honen helburua da sagardoaren inguruko kultura gizarteratzea bisita gidatuen bitartez. Era berean, Urola Kostan daukagun aberastasunaren berri ere eman nahi da. Ibañarrieta auzoa da ardatza eta landa-eremu hau ikusgai jartzea da gure xedea. Gainera Sagardoak itsasoarekin duen lotura ere aipatzen da.

Egilea: AITOR EIZMENDI

Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkarteak emandako saria

Izenburua: HOST’ARTE

Deskribapena: Landare espezie eta barietate askoren hostoak lantzen dira ekoizpen ekologikoan eta gainera bizirik eskaintzen dira formatu desberdinetan.

Egilea: IRATXE MANZISIDOR MITXELENA

SARI BEREZIA, BOZKA BIDEZKOA

Sari honetarako epaimahaiak 5 proiektu aukeratu zituen. Bozkatzeko ezarritako epean 838 bozka jaso dira. Emaitza honakoa izan da:

1. postua eta sariduna: 478 bozka (bozka guztien %57):

Egitasmoa: LANLUR

Deskribapena: App geoerreferentziatua, honako informazioa eskaintzen duena: erabiltzen ez diren lurrak, eskaintzen diren nekazaritza lanak eta landa erremuko enplegu eskatzaileak

Egilea: IBAN SABALZA

2. postua: 352 bozka (bozka guztien %42): Udalekuak Beizaman: baserri izkutuen bila

3 eta 4. postuak: Bakoitzak 4 bozka (bozka guztien %0,5): “Empresa de jardinería y paisajismo ecológico y comestible” eta “Kristalizazio sentiberak abian”.