Urola Kostako Udal Elkarteak ZU TA GAR izeneko kanpaina aurkeztu zuen azaroaren 18an. Aurkezpenean parte hartu zuten Amaia Guruzeta Udal Elkarteko presidenteak, Olaia Sainz lan-eskaintzak kudeatzen dituen zerbitzuko teknikariak eta kanpaina bideratzen ari diren teknikariak, Jaione Aizpurua eta Ane Azkuek.
Kanpainaren leloa da: “Zu ta gu dana emanda! Ezagutu gure lan-poltsa eta kontratatu langileak!”
Zerbitzua ezagutzera emateko
Kanpainaren helburua da eskualdeko merkatari, ostalari eta enpresa txiki eta ertainei ezagutzera ematea Urola Kostako Udal Elkartearen lan-poltsa eta lan-eskaintzak kudeatzeko zerbitzua.
Udal Elkarteak ahalegin berezia egin nahi du eskualdeko enpresa txikiei, merkatariei eta ostalariei lan-eskaintzak kudeatzeko zerbitzua ezagutzera emateko. Izan ere, enpresa txiki askok ez dute ezagutzen zerbitzu hori eta horregatik antolatu du Udal Elkarteak kanpaina hau.
Kanpainak hilabete iraungo du.
Zein da zerbitzua?
Eskualdeko enpresa txiki batek (merkataria, ostalaria, zerbitzu enpresa, industria sektoreko enpresa…) langile bat behar badu, Udal Elkartearekin harremanetan jarri eta lan-eskaintza egiten du. Lanpostuaren profila aztertu eta zehaztu ondoren, Udal Elkartearen lan-poltsan dauden hautagaiak aztertzen dituzte zerbitzuaren arduradunek eta, horietatik, eskatutako profila ondoen betetzen duten hautagaien zerrenda eta CVak bidaltzen dizkiote enpresari.
Zerbitzua doakoa da enpresentzat, azkarra eta eraginkorra. Udal Elkarteak bere lan-poltsa kudeatzen du. Lan-poltsa horretan une honetan 1.309 pertsona daude izena emanda (internetez eman daiteke izena). Horietatik 1.063 eskualdekoak dira (Aiakoak 45, Getariakoak 57, Oriokoak 115, Zarauzkoak 599 eta Zumaiakoak 247).
Lan-poltsan kualifikazio eta esperientzia maila askotako pertsonak daude (zuzendariak, nazioarteko esperientzia duten pertsonak, teknikariak, peoiak…), lanbide ugaritan esperientzia dutenak eta eskualdeko enpresen beharrei ondo erantzun diezaieketenak.
Zerbitzuaren aurkezpena Orion azaroaren 27an
Zerbitzuaren berri emateko, hitzaldiak antolatu ditu Udal Elkarteak eskualdeko bost herrietan. Hitzaldi-aurkezpen horiek eguerdian egingo dira, parte hartzeko aukera emateko mekartariei eta enpresa txikiei. Zerbitzua gestionatzen duten teknikariek egingo dute aurkezpena eta, beraz, bertaratzen direnek aukera izango dute dauzkaten zalantzak haiekin argitzeko.
Orioko hitzaldi-aurkezpena azaroaren 27an izango da, ostegunarekin, Salatxo aretoan, 13:30ean hasita.