Zaharkinak erakusketa. Bisita gidatuak

Udaleko Kultura batzordeak antolatuta, bisita gidatuak izango dira hainbat egunetan Karela kiroldegian ikusgai dagoen Zaharkinak izeneko erakusketara.

Bisita gidatuak honako egun eta orduetan izango dira:

Abuztuak 28, osteguna, 11:30ean eta 18:00etan.

Abuztuak 30, larunbata, 11:30ean.

Abuztuak 31, igandea, 11:30ean.

Irailak 6, larunbata, 11:30ean eta 18:00etan.

Irailak 13, larunbata, 11:30ean eta 18:00etan.

Erakusketako tresnen gaineko azalpenak ematen hiru oriotar arituko dira: Xanti Manterola, Divina Lanberri eta Teresa Solaberrieta.

Sarrerak 2 euroko prezioa izango du eta bisitak ordubete inguru iraungo du.

Zaharkinak erakusketa

Erakusketan Orioko etxe, baserri, soto eta ganbaretan bildutako antzinako tresnak ikus daitezke, txukundu eta egoki antolatuta. Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, Orioko Udalak eta Aranzadik prestatu dute erakusketa

Milatik gora pieza daude ikusgai erakusketan, guztiak Orioko herritarrek utzitakoak. Tartean era askotako tresnak daude: baserrietan erabiltzen zirenak, arrantzaleenak, anguletarako trepetak, arraun munduarekin zerikusia dutenak…

Orain dela hamar urte Asteasun antolatu zuten Zaharkinak zikloko lehen erakusketa. Eta haren ondotik etorri ziren Azpeitia, Errezil, Zaldibia, Deba, Ataun… eta beste hainbat eta hainbat herritan egindako ekitaldiak. Guztira, hamasei tokitan egin da erakusketa orain arte.

Orioko erakusketa zabalik dago Karela kiroldegian, abuztuaren 15etik irailaren 21a arte, eta euro baten truke bisita daiteke.