Zarautz Txiki abesbatzak Orioko elizan kantatuko du ostiral honetan.

 

Zarautz-Txiki abesbatzak urtea gogoz hasi du eta, Imanol Urbietaren omenez Goiatzen eskainitako kontzertuaren ondoren, datorren ostiralean, apirilaren 7an, beste emanaldi bat egingo du Orioko San Nikolas parrokian, 20:00etan.

Kantak era guztietakoak izango dira: Imanol Urbietaren kantez gain, atzerrikoak eta gehiago ere izango ditugu entzungai. Honako instrumentuen laguntza izango dute emanaldian: teklatua, trabeskako flautak, biolina, klarinetea, perkusioa… guztiak doinuarekin jolasean.

Zarautz-Txiki abesbatza 10-16 urte bitarteko 30 ahotsez osatuta dago eta taldeak bi oriotar dituenez, gure herrian kontzertua eskaintzea bururatu zitzaien. Antxon Sarasua eta Jaione Eskudero dira taldeko dinamika daramatenak eta ekaina arte lan eta lan arituko direla diote, proiektuan, Imanol Urbietak egindako 400 kanon kantuetatik 160 kantez osatutako Kanonak liburuarekin doan diskoa prestatzen ari baitira.