Larunbatean, uztailak 10, Orioko Udalak udan antolatzen duen Zinea Kalean programaren barruan, zine-emanaldia izango da hondartzan, 22:30ean hasita.
Aurtengo lehen saiorako aukeratutako filma “Winkyren zaldia” izenekoa da.
Haurrentzako filma da eta oso egokia familia giroan ikusteko. 2005ean estreinatu zen eta Holandan egindakoa da. Euskarazko bertsioan emango da.
Hondartza aurreko zabalunean izango da emanaldia eta, eguraldi txarra egiten badu, kiroldegian.
Sinopsia
Sei urteko Winky Wong eta bere ama Winkyren aitarekin elkartu berri dira itsas ertzean dagoen Holandako herrixka batean. Aitak txinatar jatetxe bat du bertan. Hasieran, Winkyri gogorra egingo zaio hizkuntza berri bat ikastea eta lagunak egitea. Behin batean, eskolan egun gogor samarra igaro ondoren, Winkyk pottoka eder batekin egiten du topo. Handik aurrera, egunero joango da zalditxoa ikustera. Zoritxarrez, Winkyren gurasoek ez dute bere zaletasun berria batere gustuko.
Pottoka gaixotzen denean eta lotan jarri behar dutenean, Winkyk bere zaldia izan nahi duela erabakitzen du. Badaki, ordea, gurasoek ez diotela sekula bat erosiko. Hala, Winkyk San Nikolasen berri izaten du eskolan. Gizon bizardun zahar hori zaldian ibiltzen omen da eta opariak banatzen dizkie haur txintxo guztiei. Winkyk, jakina, badaki zer nahi duen harengandik: zaldi bat!! “Txintxoa” izan behar du, beraz, eta zaldia izango du horrela!