Arkupe merkatarien eta ostalarien elkarteak Orion Bixi kanpaina abiatu du beste behin. Orioko dendetan eta tabernetan kontsumitzen duten herritarrak sarituko ditu ekimenak, eta saria ez da nolanahikoa izango: Bisiguaren Festako lehen egunean afaltzeko txartelak.
Parte hartzea oso erraza da: erosketa egin ondoren, saltokian bertan, izen-abizenak eta telefonoa jarri beharko ditu bezeroak erosketaren tiketean. Tiket hori dendan edo tabernan bertan egongo den kutxan sartu beharko da, eta horrela, establezimendu bakoitzak bere zozketa propioa egingo du. Irabazle guztiak bigarren zozketa batean sartuko dira, eta bertatik hiru irabazle aterako dira. Hiru irabazleek bina txartel jasoko dituzte uztailaren 15ean, ostiralarekin, Bisiguaren Festan afaltzeko.
Zozketa ostiralean bertan egingo da, uztailaren 15ean. Zorte on!