Memoriaren Eguna izango da osteguna, azaroak 10. Orioko Bizikidetza Batzordeak urrian abiatu zuen egun horren inguruan antolatutako programa, eta bihar, hain zuzen, kultur etxean eskainiko dute Tipularen sehaska kanta. Baina ez da asteko saio bakarra izango: Iciar Bollaín zinemagileak zuzendutako Maixabel filma azaroaren 10ean emango dute, Memoriaren Egunean bertan.
2.000. urtean, Maixabel Lasaren senarra hil zuen ETAk, Juan Maria Jauregi politikari sozialista. Hamaika urte geroago, ezohiko eskaera bat jaso zuen Lasak: bere senarra hil zuen gizonetako batek, ETArekin harremana eten ostean, berarekin hitzordua egin nahi zuen Langraiz Okako espetxean. Zalantza handiak izan zituen arren, Maixabel Lasak eskaera onartu zuen «mundu guztiak merezi duelako beste aukera bat»; geroztik, askotan errepikatu izan du ideia hori.
Filma Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zuten iaz, eta euskal film onenaren Irizar saria eskuratu zuen. Zinema-areto komertzialetan ere izan zen ikusgai ondorengo asteetan, eta orain Orion egingo dute emanaldia: azaroaren 10ean, ostegunarekin, 19:00etan kultur etxean. Sarrera doakoa izango da.